
·LABURREAN ·

· NOLA FUNTZIONATZEN DU ·
Programazio didaktiko oso bat dugu landuta, eskoletako hizkuntza eta kultura aniztasuna ikusgai jartzen duena eta baliagarri dena ikasgela eta ikasle guztiekin lantzeko.
Webgunea bera du oinarri programazio honek eta honela funtzionatzen du:
Lau saiotan, ikasleekin eta ariketa parte-hartzaile eta proaktiboen bidez, saiatzen gara daukagun aniztasun linguistikoaren kontzientzia hartzen; maila globaletik hasi, herrialde eta herrietakotik pasa eta ikasgelara helduz.
· ZER DA? ·
Gure herrietako hizkuntza aniztasuna azalarazteko asmoz, euskaratik, aniztasunean eta parte-hartzea sustatuz sortutako proiektua da.
Euskaltzaleen Topaguneak arlo honetan martxan dituen beste proiektuek bezala, Auzoko eskolan ere, herritarren elkar ezagutza eta aitortza errazteko baliabide bat da eta honetarako hiru tresna barne biltzen ditu:
1) Eskolan auzotu unitate didaktikoak,
3) Eskoletara bideratutako programazio didaktikoa
4) Euskaltzaleen mugimendua aniztasunean ahalduntzeko formazio saioak.
· HELBURUAK ·
Euskal Herrian hizkuntza ugari hitz egiten dira, hizkuntza aniztasun egoera baten aurrean gaude eta helburu behinena herritar guztion arteko komunikazio eta kohesio hizkuntza euskara izatea da.
Ikastetxeak dira errealitate anitz hori ongien islatzen duten guneak, bertan ama hizkuntza ezberdinak dituzten ikasle euskaldunak biltzen baitira. Hori bildu eta ikusarazteko helburuarekin sortu zen Lingolang (orain Auzoko Eskolan) proiektua.
Honako helburu zehatzak ditu egitasmoak:
- Jatorri eta hizkuntza aniztasuna ikusarazi eta balioan jartzea, aniztasun kulturalak dakartzan onurak azpimarratuz.
- Euskara, guztien arteko kohesio eta komunikazio hizkuntza gisara kokatzea.
- Jatorri anitzetako herritarron elkar ezagutza eta aitortza lantzea.
- Ikastetxe, Udal, guraso eta ikasleen parte hartzearekin, elkarte, kolektibo, eragile eta herritarrak (jatorri ezberdinetakoak) harremanetan jartzea.
- Aniztasuna aberastasun bat dela ulertaraziz, herritar orori bere izaera onartu eta, ezberdinak izanik ere, eskubide berdinak ditugula zabaltzea.
- Euskara eta gure herrietan bizi diren gainontzeko hizkuntzen arteko zubiak eraikitzea.
· PARTAIDEAK ·
Haurren adina kontuan hartuta, imajinazio eta jolasen bidezko praktikak dira batez ere, haurrek elkarri zer irakatsi eta elkarrengandik zer ikasi asko baitute (baita helduok haien ikuspuntuetatik ere).
Gainera, hezkuntza komunitate osoaren parte-hartzea bilatzen du Auzoko Eskolan proiektuak eta, ikasgelako zikloa ixteko, gurasoak ere gonbidatzen ditugu saio batean beraien jatorrizko hizkuntzari buruzko aurkezpen bat egitera.
Klase bakoitzean etorkinak edo etorkinen seme-alabak diren ikasleak egonda ere, euskara da haur hauek partekatzen duten hizkuntza; eta proiektu didaktikoak hizkuntza errealitate anitz hau azaleratzen badu ere, klaseko jakintza euskaraz eraikitzen dugu saioetan zehar.