· LABURREAN ·

· ZER DA ·

Herri batera heltzearen lehenengo uneak berebiziko garrantzia du herrian txertatzeko garaian, are eta gehiago herrira etorri denak  sare sozial propiorik izan ezean.

Gainera, harreraren esparru naturala herria da, herrian egingo baitira lehendabiziko harremanak eta nagusienak izango direnak, bai erakundeekin, (Udala, herriko eskola, osasun etxea…) baita herriko elkarte eta herritarrekin ere. Hori horrela, Auzoko harrera deitzen diogu herrira bizitzera etorriko diren herritarrei harrera integrala eta linguistikoa eskaintzeko prozesu egokia diseinatzeari. 

Harrera erroldatzerakoan hasten da, behin behineko prozesua da eta ezin da denboran luzatu. Integrala diogu, erakunde publikoek egiten duten harrera formala, eragileek egiten duten harrera ez formala eta herritar norbanakoek egiten duten harrera informala uztartzen ditugulako.

Eta, aldiz, harrera linguistikoa deitzen diogu bertako hizkuntzak harrera protokoloa transbertsalki gurutzatuko duelako. Hau da, euskara Euskal Herriko hainbat herritan ezinbesteko faktorea da bertako harreman sareetan txertatzeko eta parte hartze sozial zein politikoan murgiltzeko. Horregatik, elkarbizitza iparorratz, uste dugu herriko harreragileei (izan harrera formala, ez formala zein informala egiten dutenei) dagokiela bertako hizkuntzaren berri ematea. 

· HELBURUAK ·

  1. Harrera duin integrala ahalbidetzea etorri berri den orori, jatorria kontuan hartu gabe.  
  2. Harrera egiteko protokoloa edo plana diseinatzea (aukeran, herriko baliabideak jasotzen dituen gida bat ere argitaratu daiteke). 
  3. Etorri berriei herriko/herrialdeko baliabideak ezagutaraztea eta tokiko egituretan beren parte-hartzea sustatzea. 
  4. Etorri berriek herriko dinamiketan eta egituretan parte hartu dezaten bultzatzea. 
  5. Herritarrak harrera duin eta integral bat egitearen garrantziaz sentsibilizatzea. 
  6. Euskara harrera  planaren  erdigunean  kokatzea,  betiere,  hizkuntza  aniztasuna  aintzat  hartuta. 

· NOLA FUNTZIONATZEN DU ·

Norbanako, erakunde zein eragileekin batera diseinatutako prozesua denez, metodologia parte hartzailean oinarritzen da honen egikaritzea. Hau da, herriko aktore guztiak (mankomunitateak, Udalak, auzo elkarteak, teknikariak, herriko eragileak, norbanakoak…) prozesu eraikitzaile batean inplikatzen ditu, berezkoa/propioa sentituko duten prozesu bat ahalbidetuz. Bidea parte hartzailea izateko, ezinbestekoa izango da aniztasuna islatuta izatea, eta irekia zein gardena izatea. 

Labur-labur azalduta,  honako urrats nagusiak ditu egitasmo honek:  

  • Herriko eragileekin egiten den prozesu parte-hartzailea.
  • Jasotako informazioaren bilketa.
  • Harrera plana egituratzea. 

· NON JARRI DA PRAKTIKAN? ·

SORALUZE

BORTZIRIAK

ZALDIBAR

· AUZOKO PROIEKTUAK ·