· ZER DA ·
Auzoko egitasmoa lankidetzarako, elkartrukerako eta borondatezko parte-hartzea bideratzeko da.
Herritarrak daude oinarrian eta euskara erdian.
Auzoko herritar guztiei irekita dagoen egitasmoa da, euskara gero eta guztionagoa egiteko bokazioa duena.
· HELBURUAK ·
Gure herrietako errealitatea kulturanitza eta eleanitza da. Aberastasun hori ezagutu eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eraikitzea da Auzokoren helburua.
Bi figura dira garrantzitsuak: auzotarrak (auzoko euskaldunak) eta auzokideak (jatorri anitzeko auzokideak).
Auzotarrak dira auzokideen bidelagunak euskarara eta euskal kulturara, gure hizkuntza eta bizimodura hurbildu daitezen. Auzoko anfitrioiak, nolabait esatearren.
Auzotarren eta auzokideen arteko harremanak euskaraz dira beti, eta hizkuntzaren ezagutza lantzen da asko egitasmoan.
Hiru helburu nagusi ditu Auzokok:
- Euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzea.
Herritarrak gure herrietako hizkuntza aniztasunaz jabetzea. - Herritarrak gure herrietako hizkuntza aniztasunaz jabetzea eta aniztasuna modu positiboan islatzea.
- Auzotzea: hizkuntza desberdinetako herritarrak harremanetan jartzea, norberarena eta besteena aintzat hartuta. Euskaran ardaztutako harremanen bidez elkarbizitzarako eta lankidetzarako sare bat eraikiz joatea.
· NOLA FUNTZIONATZEN DU ·
Herri euskaldunetan euskara da kohesio eta komunikazio hizkuntza, eta euskaraz gain beste zenbait hizkuntza ere hitz egiten dira gurean.
Auzoko egitasmoan hizkuntzak pertsona baten gizarteratzean duen garrantzia kontuan hartzen dugu eta euskaratik urrun dauden herritarrei (auzokideak), euskarara lehen urratsak eman ahal izateko ibilbidea eskaintzen zaie herritar euskaldunen (auzotarren) eskutik, horretarako sortutako lagun taldeen bidez.
Talde hauen funtzionamendua ludikotasunean, horizontaltasunean, elkar ezagutzan eta elkar aitortzan oinarritzen da.
Auzokon, euskaraz ez dakiena euskarara hurbiltzen da eta hizkuntza desberdinetako herritarrak harremanetan jartzen ditugu.
Harreman zuzenaren eta hurbiltasunaren bidea dira beste hizkuntzetako hiztun helduak euskarara hurbiltzeko erarik onenak. Hori da bidea auzotzeko.
Egitasmoaren azken helburua ez da inor euskalduntzea, baina bai horretarako atea irekitzea; euskarararekiko eta euskal kulturarekiko interesa piztea; elkarbizitza euskara erdigunean jarrita sustatzea.
Izan ere, egitasmo honek, elkarbizitzako helburu garrantzitsuak jorratzen ditu: elkar ezagutza, hurbilketa, aurreiritziak gainditzea eta elkarren aitortza. Bide horretan, norberaren hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa bideratzen du egitasmoak, bai euskaldunengan eta baita euskaratik urrun bizi diren herritarrengan ere.
Hizkuntzaren normalizaziorako ezinbestekoa da egungo gure herrietako kultura eta hizkuntza aniztasunaz ohartzea eta bide horretan lan egitea.
· AUZOKOAK DOKUMENTALA ·
Elkarrekin eta euskaraz bizitzea posible da. Horixe da Auzokoak dokumentaleko protagonistek kontatzen dizkiguten bizipenetatik ondorioztatzen dena. Leireren ustez herri anitz batean bizi gara eta bakoitza bere kabuz edo elkarrekin urratsak emanez bizi gaitezke. Ishorek gutxi gorabehera 10 hizkuntza hitz egiten ditu. Bertako jendearekin euskaraz hitz egiten duenean errespetatzen dituela eta errespetatzen dutela sentitzen du. Nagoreren iritziz, euskaldunok hiztunak behar ditugu aurrera egiteko eta gizarte osoarekin kontatu behar dugu horretarako. Auzokoak, euskara eta aniztasunaren inguruko dokumental hunkigarria eta gaurkoa
AUZOKOAK dokumentala:
Elkarrekin eta euskaraz bizitzea lortu daitekeelako.