Urte hauetako esperientziak islatzeko ideiarekin “Auzokoak” dokumentala ekoitzi genuen 2016an. Laburmetraia honetan Auzokon parte hartzen duten auzotar eta auzokide desberdinak agertzen dira beren egunerokoan.

Euskara eta aniztasunaren inguruko hausnarketak jasotzen ditu dokumental labur honek, Auzoko egitasmoan parte hartzen duten bost herritarren bizipenetan oinarriturik. 35 minutuko iraupena duen bideo lana izan da azken emaitza, hainbat hizkuntzetan grabatua eta euskarazko azpitituluekin. Izan ere, xede taldea euskaldunak dira, jatorri ezberdinetako herritarrei harrera euskaraz egitearen garrantziaz sentsibilizatu nahi direnak hain zuzen.

Elkarrekin eta euskaraz bizitzea posible da. Horixe da Auzokoak dokumentaleko protagonistek kontatzen dizkiguten bizipenetatik ondorioztatzen dena.

Leireren ustez herri anitz batean bizi gara eta bakoitza bere kabuz edo elkarrekin urratsak emanez bizi gaitezke.

Ishorek gutxi gorabehera 10 hizkuntza hitz egiten ditu. Bertako jendearekin euskaraz hitz egiten duenean errespetatzen dituela eta errespetatzen dutela sentitzen du.

Nagoreren iritziz, euskaldunok hiztunak behar ditugu aurrera egiteko eta gizarte osoarekin kontatu behar dugu horretarako.

Auzokoak, euskara eta aniztasunaren inguruko dokumental hunkigarria eta gaurkoa. Aniztasunean euskaraz bizi!  

Egilea: Iñaki Alforja