HITZALDI ZIKLOAREN TESTUINGURUA

Nola bermatu dezakegu anitzon arteko bizikidetza euskaratik?

Herri guztietan harrera linguistiko ez-formala eginez. Euskal Herrira atzerritik etorri diren pertsonek ezinbestekoa dute herriko euskarazko harreman sareak ezagutzea, eta hori herritarren eskutik jasotzea.  Elkarrekin euskararen eta aniztasunaren kontrako uste okerrak gaindituz, eta euskaratik zubiak eraikiz. Geurean ditugun hizkuntza guztiei aitortza eta lekua emanez.

Hamarka herritan urratsak ematen ari dira

Ehunka herritar anitzen arteko harreman sareak  josi dira Auzokoren bueltan azken hamarkadan, eta horrela ari dira euskaraz elkarbizitza guneak sortzen zenbait herritan. Horretarako, hain zuzen,  zenbait tresna eta egitasmo ditu Auzokok: familian, lagun artean, eskolan auzotzeko; euskaraz komunikatzen laguntzeko;jatorri anitzeko herritarrei harrera egiteko; euskaraz ahalduntzeko; konplizitatea sortzeko.

Euskal hiztunon garrantzia 

Gure bizilagunak euskarak irekitzen dituen aukeretara erakarri nahi baditugu, ezinbestekoa da aukera horiek zeintzuk diren ezagutzeko modua eskaintzea. Aldi berean, euskararen biziberritzeak aurrera egingo badu, gure herrietan dauden gainontzeko hizkuntzei beren aitortza eta lekua eman behar diegu, eta horretarako elkar ezagutu behar dugula. Euskaltzaleen Topagunean ziur gaude hizkuntzetatik bizikidetza eraiki dezakegunaz.

Horregatik guztiagatik, euskal hiztunok formatu eta kontzientziatu egin behar gara gure bizilagunei harrera euskaratik eskaintzeko dugun arduraz.

Topaguneak laguntza eskaini nahi du bide horretan eta “ZUBI BAT EUSKARATIK” hitzaldi zikloa antolatu du  Auzoko egitasmoa martxan den zortzi herrietan.  

Denon artean pentsatu, hausnartu eta auzotzen jarraitzeko bidea da hau, euskaratik zubiak eraikitzen hasteko urratsa.

·EGITARAUA·

·ZEHAZTASUNAK·

Urriak 19, Eskoriatza:  Migratzaileak herritartzeko euskara behar dugu?  Julen Zabalo. (18:30, Kultur etxea).

Urriak 24, Gasteiz: Euskara eta immigrazioa EAEn. Julia Shershneva. (18:30, Landatxo Gizarte Etxea- Askotariko 1 gela).

Urriak 26, Aretxabaleta: Euskara, immigrazioa eta eskola gurutzatzen direnean. Zenbait gogoeta. Amelia Barquín. ( 17:30, Zaraia aretoa).

Urriak 27, Ibarra: Hitzanitza, euskara etorkizun anitzean. Margaret Bullen. (18:00, Kultur Etxea- Areto nagusia).

Urriak 27, Soraluze: Immigrazioa eta euskararen erronka berriak. Xabier Aierdi (18:00, Herriko Antzokia).

Azaroak 4, Oñati: Gipuzkoako hizkuntza-aniztasuna eta euskara; erronka berriak. Belen Uranga (18:00, Kultur etxea- Zine aretoa).

Azaroak 7, Donostia: Euskaratik eta aniztasunean eraikitako etorkizuna. Mikel Ozaita eta Onintza Olaizola  (18:30 Okendo Kultur Etxea -Areto nagusia).

Azaroak 10, Arrasate:  Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa: euskararen kudeaketa Nafarroan eredu gisa. Amaia Nausia (18:30, Kulturate-Jokin Zaitegi aretoa).