Auzoko elkarrekin euskaraz komunikatuz, hizkuntza eta kultura anitzetako herritarron arteko harremanak sortzea da.

Norberak bereari uko egin gabe, elkarbizitza guneak sortzea. Euskaratik abiatuta, elkarren arteko zubiak eraikitzea.

Euskal Herrian, gaur egun, ehun hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira, horrek dakarren aberastasun kulturalarekin. Era berean, euskarak gure lurraldea du bizitoki bakar, egoera gutxiagotuan dago eta haren biziberritzea dugu helburu Euskal Herritarron gehiengoak.

ZUBIGILEAK

Jatorri anitzetako herritarrok elkar ezagutuz, elkarren hizkuntza eta kulturen begirunean haziz, elkarrekin auzotuz, euskararen unibertsoan elkarbizitzera heldu gaitezke.

Euskara bihurtu ahal da guztion kohesiorako hizkuntza eta Euskal Herria kultura anitzen bizileku. Horixe litzateke euskara biziberritzeko eta aniztasunak dakarzkigun aukerei era positiboan heltzeko modua.

Gainditu ditzagun euskararen eta aniztasunaren kontrako uste okerrak elkarrekin. Denon esku dago euskara erabiltzeko guneak, uneak eta konplizitatea sortzea.

Eraiki dezagun zubi bat euskaratik. Auzotu gaitezen!

EUSKALTZALEEN TOPAGUNEAREN APUSTUA

Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herri osoan euskara erabiltzea ohikoa eta erosoa izatea du helburu eta euskaltzaleen mugimenduak hizkuntza aniztasunean lan egin behar denaren konbentzimendua du. Bai, euskararen biziberritzean pauso sendoagoak emango baditugu, jatorri eta hizkuntza anitzeko herritarron parte hartzeaz.

Hori horrela, euskararen biziberritze prozesua eta euskal jendarteko jatorri- hizkuntza aniztasun faktoreak elkar gurutzatzea proposatzen dugu: Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herrian bizi diren hizkuntza denak zaindu eta euskara denon kohesio hizkuntza izatearen alde lan egingo du.

Horixe da Euskaltzaleen Topagunearen nahia eta apustua, eta hori erantzukizun partekatua dela sinesturik, elkarlanerako markoak eraikitzea bilatzen dugu. Ziur baikaude elkarbizitza hizkuntzatik ere eraiki dezakegunaz Euskal Herrian.

DEKALOGOA

Euskal Herrian ehun hizkuntzatik gorako aberastasuna dugu eta euskaltzaleen mugimenduak bere xedea (Euskal Herrian euskara erabiltzea ohikoa eta erosoa izatea) lortzeko ezinbestekoa du hizkuntza aniztasunean aritzea. Hala, euskararen biziberritze prozesua eta euskal jendarteko jatorri- hizkuntza aniztasun faktoreak elkar gurutzatzea nahitaezkoa dugu.

Beraz, Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herrian bizi diren hizkuntza denak zaindu eta euskara denon kohesio hizkuntza izatearen alde lan egiten du. Ziur gaude Euskal Herrian elkarbizitza hizkuntzatik ere eraiki dezakegunaz eta, hortaz, elkarlanerako guneak sortzen jarduten dugu.

 NOLA AUZOTU?

Gure ingurune hurbilean hasi behar gara, tokian-tokian auzotzen, herritar anitzon arteko harremanak sortzen eta euskaratik zubiak eraikitzen. Horretarako proposatzen ditugu auzotzeko ibilbideak, pausoz pauso eta euskaraz elkarbizitza guneak sortuz joateko. Konplizitate eremuak pizteko.

Euskaltzaleen Topaguneak nahi du ahalik eta herri gehienak ibilbideak urratzen hastea, hori da gure apustua. Eta ibilbide horietan pausoak ematen laguntzeko prest ditu Euskaltzaleen Topaguneak zenbait erreminta eta zerbitzu. Guztiak jarriko ditu auzotzeko erabakia hartu eta horretan hasi nahi duten herri, auzo, erakunde, eskola, talde eta pertsonen eskutan.

Ibilbidearen lehen pausoa da hizkuntza aniztasunaren ikuspegitik herriaren diagnosi bat egitea, bakoitzak zer tresna beharko dituen jakiteko. Horretan guk, Euskaltzaleen Topaguneak, lagunduko dizuegu. Eta diagnosi horretan ikusten denaren arabera, proposatuko dizuegu zuen behar eta ezaugarrietara egokitzen den ibilbide zehatz bat, horretarako beharko dituzuen tresnekin batera.

AUZOKO ESKURA!

Ibilbideak

Tresnak

Kontaktua

·AUZOKO PROIEKTUAK·